Berria: Euskadi-Cubak Saharako herriaren borrokari buruzko telebista saio bat sortu du
Euskadi-Cubari buruzko berriak

Tfarrah Mohamed Yeslem da Yalah! saioko aurkezlea. Irudian, Saharako beste bi emakumerekin ageri da. CUBAINFORMACIÓN

Saharako herriaren borrokari buruzko telebista saio bat sortu dute

Euskadi-Cuba elkarteak eta 'Cubainformación'-ek sortu dute, sahararren hiru elkarteren laguntzaz Yalah! saioko aurkezlea. Irudian, Saharako beste bi emakumerekin ageri da."

Urtzi Urkizu - Berria - 2016-10-09 - Mendebaldeko Saharako herriaren independentziarako borrokaren eta elkartasun mugimenduen berri emateko saio bat sortu dute Euskal Herrian: Yalah!. Internet bidezko telebista saioa da, gaztelaniaz, eta aurreneko bi bideoak Cubainformación hedabide digitalaren webgunean ikus daitezke: www.cubainformacion.tv.

Euskadi-Cuba elkartea eta Cubainformación hedabidea dira saioaren sustatzaileak. Jose Manzaneda da saio berriaren koordinatzailea, eta nabarmendu du beste hiru elkarteren laguntza dutela edukiak osatzeko: Otsailak 27 RASDekin elkartasun taldeen koordinakundea, Euskal Herriko gazte sahararren elkartea eta DISAB Saharako Diaspora Bizkaian taldea. «Iaz, Cubainformación-en pentsatu genuen espazio bat sortzea Kubarekiko elkartasun mugimendua eta Sahararen aldeko nazioarteko mugimendua lotzeko. Kubaren eta Sahararen arteko harremanak oso estuak izan dira beti», azaldu du Manzanedak. «Gainera, iruditzen zaigu modu bat ere izan daitekeela Sahararen inguruko mugimenduan dabiltzan lagunek Kubako errealitatea ezagut dezaten».

Cubainformación-ek bere platoa eta giza baliabideak eskaini ditu Sahararen aldeko mugimenduaren mezuak zabaltzeko, Manzanedak esan duenez: «Gure jakintza ere haien esku jarri nahi dugu». Formazio saioak egin zituzten grabazioei ekin aurretik.

Lau bideo hilean

Yalah! saioaren formatuari dagokionez, oraingoz, hamabost minutu inguruko solasaldiak dira. Aurkezlea Tfarrah Mohamed Yeslem sahararra da —aurretik RASD TV katean aritua da, eta Euskal Herrian bizi da—. Hilean hiru edo lau bideo zabalduko dituzte, bakoitza gai baten ingurukoa.

Edukietan, sustatzaileen asmoa da hiru saiotik behin Kubaren elkartasunaren gaia azaltzea. «Edonola ere, garrantzitsuena Sahararen borroka da», dio Manzanedak. Estreinako saioan Kubaren eta Sahararen arteko elkartasuna eta Euskal Herriaren eta Sahararen artekoa aztertu zituzten. Bigarren programan, Saharako giza eskubideen ekintzaile bat elkarrizketatu zuten. Eta, hirugarrenean, Oporrak Bakean programaz ariko dira —luze gabe jarriko dute sarean—.

Euskal Herritik kanpo ideiak edo bideoak iristen badira «erabat irekita» daudela nabarmendu du programaren koordinatzaileak. «Ikuspegi globala du gure saioak».

Comparte este artículo

 

TWIITER

Facebook