|

Peli Lekuona - Hegoi Belategi - Naiz Irratia
Entzun elkarrizketa
'Ez urakana ez blokeoa' lelopean Melissa urakan bortitzak kaltetutako kubatarrei ekarpen ekonomikoak egiteko kanpaina jarri dute martxan Kubarekiko elkartasun taldeek. «Kolpe latza» izan den arren, hildakorik ez dela izan nabarmendu du Euskadi-Cubako Jon Betanzosek.
Kubarekiko elkartasuna aktibatu da Melissa urakanak eragindako kalteen aurrean. 'Ez urakana ez blokeoa' leloari jarraiki kontu korronte bat martxan jarri dute Espainiar Estatuko Kubarekiko elkartasun taldeek, tartean Euskadi-Cubak, nahi duenak bere ekarpen ekonomikoak egin ditzan.Antilla Handiak uhartedia jo duen indartsuenetakoa izan da Melissa urakana. Haiti eta bereziki Jamaikan sekulako txikizioa utzi ostean, Kubako hego ekialdetik sartu zen Melissa, Santiago de Cuba herrialdeko bigarren hiririk handiena bete betean kolpatuz.
1960ko hamarkadatik irauten duen blokeo ekonomikoa pairatzen duen herrialde honek 700.000 lagun baino gehiago ebakuatzeko gai izan da, baita herritarren segurtasuna bermatzeko ere, Euskadi-Cuba elkarteko Jon Betanzosek azaldu duenez, «kolpe latza izan da Karibe osoan. Potentzia oso handiko urakana izan Melissa. Aipatu beharreko lehen gauza da, 50 hildako baino gehiago utzi dituela urakanak Karibean, baina horien artean kubatarrik ez». Betanzosentzat, blokeo egoera betean dagoen herrialde honetan «bizitza bermatzea», Kubako Gobernuaren politika eta lehentasunen erakusle da.
Hori bai, kalte materialak uhartean agerikoak dira. Jamaikan 300 kilometro orduko haize-ufadak neurtu ostean, 3 kategoriako urakan bezala heldu zen Kubara. Testuinguru honetan, blokeoak jada ahulduta zeuden garraio, osasun edo etxebizitza azpiegituren txikizioa areagotu du. Hori dela-eta, herri eragileek sustatutako diru bilketa eta bestelako kanpainak, behar beharrezkoak dira une honetan.
LABekin elkarlana
Euskadi-Cubak eta LABek elkarlanean bildutakoak une aproposean helduko dira Kubara. Bost tona material bildu dute, batez ere sendagaiak, eta Kubako Gobernuarekin harremanetan daude edukiontzi bat bidaltzeko Bilboko portutik. Era berean, eta material kritikoa duen bidalketa orori jartzen dizkieten oztopoez jakitun, Kubara joateko asmoa duten pertsonek ere euren ekarpena egin dezaketela gogora ekarri du Euskadi-Cuba elkarteko kideak, «baten bat Kubara bado eta prest baldin badago bere maletan sendagai batzuk sartzeko, gurekin harremanetan jar daiteke eta guk emango dizkiogu». |