Kuba, non botoen % 87 `garaipen garratza´ den
Noticias de Euskadi-Cuba

José Manzaneda, Cubainformación-en koordinatzailea - Ahotsa: Eneko Calle.- Albistea ez da izan Kubako biztanleriaren % 87k herrialdeko Konstituzioaren alde bozkatu zuela (1). Ez da izan, halaber, aurretik, munduan parekorik gabeko esperientzian, 8 milioi lagunek baino gehiagok -guztira 11,2 milioi dira- 133.000 asanbladatan testuaren gainean eztabaidatu eta aldatu egin zutela (2).

 

Albistea izan da, “The Washington Post” kazetaren editorialean irakur daitekeenez, "EZ bozkatu zuten boto-emaileen ehuneko harrigarria" (3). “Hautesleen ehuneko 15 etxean geratu ziren", eta horiek eta “EZ bozkatu zutenak ez ziren izan ezohiko oposizio-erakusgarria" zioen, bestetik, “The New York Times” egunkariak (4). Deutsche Welle hedabideak, berriz, baiezkoaren aldeko sekulako garaipena “garaipen garratza” bihurtu zuen Uharteko gobernuarentzat (5).

Komunikabide alemaniarrak gehiago ere esan zuen: EZ bozkatu zuten 700.000 lagunak "ez dira, kopuruari dagokionez, Alderdi Komunistako militanteak baino gehiago". Alderaketa absurdo eta manipulatzailea, Kubako Alderdi Komunistarako afiliazioa selektiboa baita, eta ereduzko herritar direla frogatzen dutenei besterik ez zaie onartzen. Hortaz, ez da masa-militantzia (6).

Beste mezu bat ustezko iruzurrarena izan zen. Hainbat hedabidek zabalduriko bideo batean, ez profesional batek egina bera, pertsona bat ageri zen hautetsontzi batean bi txartel sartzen (7). Ez da jakina non eta noiz grabatu zen, ezta erreferendumaren egunean bertan izan ote zen ere. Alabaina, balio izan zuen OEAren idazkari nagusiak "iruzurtzat" jotzeko, eta iragartzeko ez zuela aitortuko Kubako Konstituzioa (8).

Beste alde batetik, Yoani Sánchez blogariak kontatu zuen hautesleku batera joan zela boto-zenbaketa egitera eta halako batean agertu zela "gazte bat gutun zuri batekin, non txartel batzuk zekartzan, antza" (9). “Dokumentuen jatorriaz galdetu nuenean, pertsona batek esan zidan okerreko galdera egin nuela” zioen. Frogarik ez. Ezer ez. Baina, horrela, iruzurra egon zelako iradokizuna nazioarteko hainbat komunikabidetara heldu zen (10).

Onarturiko testu konstituzionalaren edukia ere manipulaziorako erabili zen. BBCren atariak areagotu egin zuen, beste behin, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren inguruko nahastea. “Eliza ebanjelikoen kontrako kanpaina handiaren ostean, gobernuak erabaki zuen eskubide hau (Konstituziotik) kanpo uztea" irakurri genuen (11). Gezur biribila. Onarturiko testuak ez du "kanpoan utzi" eskubide hau, eta eztabaidara eramandako lehenengo testuan ez zegoen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza (12). Gai horren gainean, iragarri den moduan, beste herri-eztabaida bat egingo da, bi urteren buruan, Familia Kode berria onartzeko prozesuaren baitan (13).

Hedabide batzuk ausartu ere egin ziren erreferendumaren aurreko prozesu parte-hartzaile masiboa zalantza jartzera. “The New York Times” egunkariaren arabera, “gobernuak herri-galdeketak egin zituen herrialde osoan, eta herritarrak proposamenak aurkeztera gonbidatu zituen. Alta, iradokizun jakin batzuei muzin egin zien” (14). Ondorioa garbia da: Kuba diktadura bat da; izan ere, bertako gobernuak, Konstituzioaren hasierako testuaren artikuluen % 60 aldatu eta herritarrek proposaturiko 760 moldaketa jaso bazituen ere, muzin egin zielako haien "iradokizun jakin batzuei" (15).

Ez "demokrazietan" bezala, non konstituzioak adituek idazten dituzten, beste aditu batzuei galdetuta, hedabideek biztanleria bikain informatuta dutelarik Kubako "erregimenean" pairatzen den askatasunik eta parte-hartze demokratikorik ezaren gainean (16).

Comparte este artículo

 

TWIITER

Facebook