La Sexta eta La Razón: txakur bera Willy Toledoren eta Kubaren kontra
Noticias de Euskadi-Cuba

José Manzaneda, Cubainformación-en koordinatzailea - Ahotsa: Aiala Juez.- “Nahi nuke jaun honek (...) salatzea, lantzean behin, Kuban homosexualak homosexual izateagatik erailtzen dituztela” (Eduardo Inda, tertuliakidea eta OK diario-ren zuzendaria). “Kuban, oraindik ere, badaude homosexualak espetxeetan” (Javier Sardá, showman-a eta tertuliakidea). Kuban homosexualak espetxeetan daudela? Erailtzen dituztela? Zer deritzozue “biktimei” entzuteari?Kubako gizarteak badu oraindik zer aldatu, baina homosexualoi eta trabestioi dagokigunez, aurrerapen ugari egin dira. Hori, batez ere, Iraultzari eskertu behar diogu, gure tokia eman baitigu” (1). “Iraultza onena izan da, askatasun hau eman digulako, eta askatasuna ematen jarraitzea espero dugu”. “Esan dezakedan gauza bakarra da oso pozik nagoela nire herrialdean honelako galak (homofobiaren kontrakoa) egiten direlako, eta gay gazteriari laguntzen zaiolako” (2). Adierazpen horiek guztiak Uharteko kaleetan jaso zituen Cubainformación TV-k, joan den maiatzean.

 

La Sexta y La Razón: el mismo perro contra Willy Toledo y contra Cuba (+Italiano/English/Français/Deutsch/ Euskaraz)

Kuban, urrats garrantzitsuak egin dira sexu- eta genero-joera askatasunez hautatzearekiko errespetuari dagokionez, eta homofobiaren eta transfobiaren aurkako kanpainak han-hemenka daude herrialdeko kaleetan, hedabideetan eta ikastetxeetan (3). Alta, beste zenbait gairekin gertatzen den bezala, Uharteak bizi duen errealitatea bide batetik doa, eta hedabideek -espainiarrek, kasu- helarazten digutena, ordea, beste batetik.

Horren harira, Javier Sardá showman eta tertuliakide ezagunak Reinaldo Arenas idazle kubatarra aipatuz eraso zuen Kuba: “Reinaldo Arenas, espetxean egondako idazle kubatarra... Txikitu egin zuten, suntsitu, homosexuala zelako...”. Bitxia da, gero, duela 40 urte luze gertatutako “Arenas kasua” orain baliatzea Kubako sistema politikoari eraso egiteko (4). Willy Toledo aktoreak Espainiako “demokraziak” garai hartan egindako estatu-erailketak aipatu zituen, Sardári erantzuteko. “Reinaldo Arenasi buruz hitz egingo badugu, mintza gaitezen Lasa eta Zabalaren gainean ere -1983an, Guardia Zibilak torturatu, erail eta kare bizian lurperatu zituen-. Ez ziren preso egon; Espainiako sistemak erail zituen” (5).

Eszena hori Espainiako La Sexta telebista-kateko “Al rojo vivo” saioan gertatu zen, ekainaren 27an, Willy Toledo gonbidatua zelarik (6). Ezohiko gertaera, zinez; izan ere, aktore espainiarra lan-boikota (9) eta Espainiako hedabideen etengabeko lintxamendua jasaten ari da, 2010etik (10): alde batetik, orduan Kubari buruzko adierazpen batzuk -onartezinak, botere mediatikoaren aburuz- (7) egiteagatik; beste alde batetik, ikus-entzunezkoen sektorean garatutako jarduera sindikalarengatik (8).

Saioan, ezohiko adierazpen-askatasun tarteak izan ziren; besteak beste, Toledok, Espainiaz ari zela, preso politikoei, torturari eta demokraziarik ezari buruz hitz egin zuenean, bai eta hedabideetan erdeinatzen diren Kubako eta Venezuelako prozesuak babestu zituenean ere. “Venezuela, Kuba, gogoko ez dituzuen herrialde eta sistema politiko guztien gainean aipatzen dituzuen gezurrak...”. Nolanahi ere, adierazpen horiek egin ahal izateko, tertuliakide gehienei egin behar izan zien aurre. Are gehiago: aurkezleari berari ere bai, epaile eta alde interesdun bihurtu baitzen. “Nire iritziz, gure ikuspegia Venezuelari dagokionez ez da herrialde honetako beste hedabide batzuek dutena(Antonio García Ferreras, saioaren zuzendaria eta aurkezlea). “Ia-ia bera da. Azken finean, gauza bera esaten duzue, berniz ‘soziata’ eta ‘progrea’ emanda, bai, baina astakeria berak botatzen dituzue: (Nicolás) Maduro diktadorea dela, eta (Hugo) Chávez ere diktadorea izan zela” (Willy Toledo). “Ez dut uste Madurorena kalitaterik goreneko demokrazia denik” (A. G. Ferreras). “Bada, gezurra da Venezuelan hedabideak jazartzen dituztela; gezurra da” (W. Toledo). Orduan, nork asmatu du hori, Willy? (Javier Sardá, tertuliakidea). “Zeuek. Baita hedabide kapitalistek ere; izan ere, prest daude gezurrak azken muturreraino eramateko, horrela beren interesen kontrako sistema politikoak eraitsiko badituzte” (W. Toledo).

Toledok gai tabu baten gainean aritzeko baliatu zuen aukera: hedabideen jabetza, zeinak informazioa baldintzatzen duen eta bere interesen zein ideologiaren araberako iritziak hautatzen dituen (11). “Zuek badugula zer aukeratu uste izatea gezur hutsa da”. “Herrialde honetako kate ‘progretzat’ jotzen da hau, baina jabeak La Razón egunkariaren jabe berak dira, hau da, Espainiako egunkari nazional-katoliko-faxistarenak. Merkatu-nitxo kontua da” azaldu zuen aktoreak. “Prentsa-askatasuna esaten zaio horri” erantzun zion Ferrerasek. “Zer prentsa-askatasun eta zer prentsa-askatasun ondo?” (W. Toledo). “Editore batek nahi duen inbertsioa egin dezake, bai eta nahi duen hedabidea abian jarri ere(A. G. Ferreras). “Karl Marx handiak zioen bezala, prentsa-askatasuna inprimategiaren jabearen askatasunean datza, eta, herrialde honetan, bi komunikazio-taldek hedabideen % 85 dute kontrolpean” (W. Toledo).

Toledo harago joan zen, eta atzamarra zaurian sartu zuen, zentsurak blindatutako gai bat aipatu baitzuen: kazetagintza-enpresen lan-esplotazioa (12). “Kameren atzealdean dauden pertsonen soldatak... Galdetu al diozu inoiz zure buruari zenbatekoak diren? Arduratu zara inoiz horretaz? Ekoizpen-arloko jendeak, bekadunek... zenbat irabazten duten? (...) 700 euro... zer deritzozu? Soldata ona iruditzen zaizu?” galdetu zion García Ferrerasi. “Baina zer dela-eta hitz egiten duzu haien izenean?” ihardetsi zion aurkezleak. “Bozgorailurik ez dutelako. Ahotsa eduki badute; bozgorailurik, ordea, ez” (W. Toledo). “Ahotsa eta bozgorailua, biak dituzte...” (A. G. Ferreras). “Ekarri al duzu inoiz kamerari bat saio honetako lan-baldintzak azal ditzan? Zergatik mintzatzen naizen haien izenean? Beste pribilegio askoren artean, mikrofono bat izatekoa dudalako, eta parean jartzen didazue. Bada, nire kideek, emakumezko langileek[1] , mikrorik ez dutenez, neuk salatzen dut haien egoera” adierazi zuen aktoreak, une oro eten bazuten ere.

Handik egun batzuetara, kate bereko “La Sexta Noche” saioan Toledori buruz hitz egin zuten (13). Burla-kutsuko izenburu deigarria jarri zioten saioari, “¡Liberad a Willy!” (Askatu Willy!), eta tertuliakide batzuek aktorea iraintzen jardun zuten -Toledo bertan egon gabe- (14). “Willy Toledo faxista hutsa da, eta oso aktore kaskarra (...) Willy Toledo txoriburua da; horrek definitzen du” esan zuen Francisco Marhuendak, La Razón-en zuzendariak. “Willy Toledo zoroetxe batera eraman beharra dago (...) Willy Toledok psikiatra bat behar du; diru-bilketa bat egin behar dugu Willy Toledori psikiatra ordaintzeko” erantsi zuen Eduardo Indak, OK diario-ren zuzendariak.

Azken horrek aktoreak Kubari erakutsitako babesa gaitzetsi zuen: “Nahi nuke El Laguito-n, Kubako tokirik onenean, bizi den jaun honek salatzea, lantzean behin, Kuban homosexualak homosexual izateagatik erailtzen dituztela; eta salatzea, noizbait, halaber, Kuban oraindik egiten dituzten exekuzio sumarioak”. 20 segundoan baino gutxiagoan, Inda tertuliakideak hiru gezur biribil esan zituen: lehenik eta behin, Toledo gaur egun ez da Kuban bizi, eta Uhartean eman zuen urtebetean alokairuan egon zen, Habanako apartamentu txiki batean, ez El Laguito-ko nazioarteko protokolo-egoitzan (15); bigarrenik, Kuban ez dago “exekuzio sumariorik”, eta 15 urte joan dira heriotza-zigorra luzamendu-egoeran dagoenetik (16); eta, hirugarrenik, Kuban ez da “homosexualik erailtzen”, eta ez dago sexu-joeragatiko gorroto-krimenen berririk, Mexikon, Hondurasen edo Kolonbian ez bezala (17).

Toledok, era berean, pairatzen duen jazarpen politikoa eta mediatikoa salatu zuen: “Ondorioak nozituko ditut. Berriro diot: adierazpen-askatasuna hitz egiteko eskubidea da, bai eta hitz egiteagatik jazarria ez izateko eskubidea ere. Eta ni jazartzen ari zaizkit”. Nativel Preciado tertuliakide eta kazetariak ez zion elkartasunik adierazi; are gehiago, jazarpen hori justifikatu zuen: “Ondorioak agerian geratzen zarelako izango dituzu, ez zaudelako ondo informatuta, totalitarismoa eta demokrazia nahasten dituzulako, eta Kubako nahiz Venezuelako erregimenak babesten dituzulako”. Bada, hedabideen jabeek eta erredakzio-kontseiluek soilik ez, beren eliteko kazetariak ere babesten du sistema mediatikoak uzten duen zirrikitu txikiena baliatuta iraultza kubatarra eta bolibariarra babestera ausartzen direnak zentsuratzea, erreprimitzea eta jazartzea.

Malcolm Xk zioen bezala, hedabideei adi ez bagaude, zapaldua gorrotarazi eta zapaltzailea maitaraziko digute” gogoratu zuen Willy Toledok telesaio batean.

 

(1)  http://www.cubainformacion.tv/index.php/en-portada/79947-icuanto-ha-cambiado-cuba-en-el-respeto-a-la-libre-orientacion-sexual-la-calle-opina

(2)   http://www.cubainformacion.tv/index.php/genero/79880-cuba-revolucion-sexo-diversa

(3)  http://www.cubainformacion.tv/index.php/solidaridad-con-cuba/79886-exposicion-itinerante-cuba-revolucion-sexo-diversaa-recorrera-el-pais-vasco

(4)  https://www.ecured.cu/Reinaldo_Arenas

(5)  https://www.eldiario.es/norte/GAL-terrorismo-Zabala-ETA_0_559594291.html

(6)  https://www.atresplayer.com/lasexta/programas/al-rojo-vivo/junio-2018/27-07-18_5b3380e67ed1a8c72e484bbd/

(7)  http://www.cubainformacion.tv/index.php/lecciones-de-manipulacion/14074-el-actor-willy-toledo-linchado-por-la-mafia-mediatica-tras-desmontar-sus-mentiras-contra-cuba

(8)  https://www.20minutos.es/noticia/3363691/0/willy-toledo-cine-espanol-pequenos-weinstein-actores-famosos/

(9)  https://www.elconfidencial.com/cultura/2017-06-11/willy-toledo-veto-cine-el-rey-imanol-arias_1396789/

(10)               https://www.elplural.com/sociedad/2017/04/17/alberto-san-juan-en-defensa-de-willy-toledo-sufre-un-linchamiento-permanente-e

(11)               https://communicationbits.wordpress.com/2014/05/17/chomsky-y-los-5-filtros-de-los-medios-de-comunicacion/

(12)               https://www.mundodeportivo.com/vaya-mundo/20180627/45440523565/willy-toledo-ataca-a-ferreras-al-que-llama-de-explotar-y-recrimina-su-relacion-con-florentino.html

(13)               https://www.atresplayer.com/lasexta/programas/lasexta-noche/temporada-1/30-06-18-cospedal-casado-margallo-y-garcia-hernandez_5b364d6b7ed1a8dd38003583/

(14)               https://okdiario.com/espana/2018/07/01/inda-willy-toledo-esta-como-maracas-machin-necesita-psiquiatra-urgente-2506671

(15)               https://www.abc.es/estilo/gente/20130511/abci-willy-toledo-cuba-kioskoymas-201305102343.html

(16)               http://www.ipsnoticias.net/2017/04/la-pena-de-muerte-persiste-en-cuba-con-moratoria-y-poco-debate/

https://www.elpais.com.uy/informacion/america-latina-cruel-lgbt.html


[1]Jatorrizkoan “mis compañeras trabajadoras, obreras” dio. Bereziki nabarmendu nahi da emakumezkoak direla, eta hain zuzen horregatik hitz egiten duela haien izenean? Edo beste barik? Euskaraz, dakizunez, kide edo langile genero neutrokoak dira eta...

Comparte este artículo

 

TWIITER

Facebook