Cristina Escobar, Kubako telebista publikoko kazetaria, Berrian: «Egoera berrian, analisi sakonagoak behar dira»
Noticias de Euskadi-Cuba

Escobarrek premiazkotzat jotzen du Kubako komunikabide publikoak gaur egungo egoerara egokitzea. Herritarrek badute non aukeratu, eta iruditzen zaio komunikabideek haiengana hurbildu behar dutela. Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu - Berria.- Kubako telebista publikoko aurkezle gazteenetakoa da Cristina Escobar (Habana, Kuba, 1987). TeleSur katean ere elkarrizketa saio bat aurkezten du, ingelesez. 54 urtean Etxe Zurian galdera bat egin duen lehen kazetari kubatarra izan da. Bilbon, Donostian eta Iruñean izan da aste honetan hitzaldiak ematen, Kubako komunikabideen erronken inguruan.


Aldaketa prozesuan dira Kubako komunikabide publikoak. Nola jokatu behar dute?

Hobeto funtzionatzeko behar handia dago. Erantzunak eta informazio erabilgarria eman behar diete herritarrei. Egun, komunikabide publikoek ez dute informazioaren monopolioa, eta herritarrek bide askotatik eskura dezakete informazioa. Internet merkatu egin da. Herritarrek askotariko edukiak trukatzen dituzte: Koreako liburuak, AEBetako telesailak, herrialde askotako kazetaritza edukiak... Testuinguru horretan, komunikabide publikoek egokitu egin behar dute, eta herritarrengana hurbildu.

Kubaren eta AEBen arteko harreman berriak zer eragin izango du Kubako kazetaritzan?

Sekulakoa. Diskurtso aldetik, lehen dena zen zuria edo beltza. Analisi sakonagoak behar dira egoera berrian. Lehen AEBetako gobernua bat eta bakarra zen, baina orain bere presidenteak dio blokeoa altxatu behar dela, nahiz gero kongresuak halakorik ez onartu. Obamak esaten duenaren atzean dagoena ere aztertu behar da, blokeoak ez baitie mesederik egiten AEBei. Kazetariok argia jarri behar dugu gai horretan.

Kubako komunikabide publikoek badute zer hobetua, beraz.

2013an biltzar bat izan genuen Kubako kazetariok. Konpromiso handiarekin, aldatu beharrekoaz eztabaidatu genuen. Erakunde publikoek zenbaitetan ez dute informatzeko beharra sentitzen, eta kazetarioi kosta egiten zaigu informazio batzuetara iristea. Premiazkoa da hori aldatzea. Kontraesanak eta eztabaidak daude, baina ekinean ari gara.

Zein mugimendu daude Interneten?

Blog asko sortu dira, eta horiei esker, gai askoren berri izaten dute herritarrek. Duela gutxi iruzur bat izan zen hezkuntza arloan, unibertsitatera sartzeko azterketetan. Gazte batek erakundeetara deitu zuen lehenbizi, eta sinistu ez ziotenez, blogaren bidez egin zuen salaketa. Komunikabide handiek hartzen ez dituzten espazioak betetzen ari dira blogak Kuban eta beste herrialdeetan.

Eta sare sozialek zer harrera dute?

Egun batzuetan Facebooken 11 milioi bisita daude Kuban. Kubatar askok erabiltzen dute Facebook komunikazio tresna gisa, atzerrian daudenekin hitz egiteko. Jendeak ez du Skype erabiltzen, baina bideo bidezko komunikaziorako, Imo erabiltzen dute. Sakelako telefono inteligenteak gero eta gehiago dira, fenomeno bat da.

Mendebaldeko hedabideek Kubaz esandakotik zerk mintzen zaitu gehien?

Kuban katilu bat puskatzen bada, eskuin muturreko hedabideek neurriz kanpo puzten dute. Kubako guztia lupaz begiratzen dute. Etika falta dago, eta Kubari buruzko tesi bat hartzaileari sinetsarazteko gogoa. Gezurrekin, errespetu falta handia dago Kubako herritarrekiko. Gezurra da Kuban jende guztiak berdin pentsatzen duela. Aldaketen inguruan hitz egiten du jendeak, bere kontraesanekin, noski.

Yoani Sanchezek zer harrera du gaur egun Kuban?

Kuban egun ez du inork ezagutzen. Europan bizi zen, eta egun batetik bestera Kuban azaldu zen blog batekin, 18 hizkuntzatara itzulita. Gero, nazioartean sariak jasotzen hasi zen, Kuban milaka kazetari kritiko on daudenean. Kontu ilunak daude Sanchezen figuran. Orain, gain behera doa.

AEBetako komunikabideekin nolako harremanak dituzue?

Eztei bidaian bezala gaude. Interes handia dute Kubako kazetariokin, eta arduraz hartzen dugu. Elkarrizketarako prest gaude. Erotuta daude Kubarekin, hainbat hamarkadatan haientzat ez ginelako existitzen. Orain, Kubaz alfabetatzen ari dira.

Comparte este artículo

 

TWIITER

Facebook