«Kubaren aurka setio bat ezarri du Trumpek» (Gara)
Noticias de Euskadi-Cuba

Ia 44 orduko itzalaldiak, 100.000 pertsona ebakuntza baten zain, horietatik 12.000 baino gehiago haurrak, tratamendu onkologikoen moteltzea... «Kuba: isildutako genozidioa» izenburupean Bilbon eginiko mahai inguruak AEBn azken neurrien inpaktua aztertu zuen.

Ainara Lertxundi - GARAren edizio taldeko kidea

Kuba: isildutako genozidioa» izenburupean, Donald Trumpen Gobernuak uhartearen kontra hartu dituen azken neurriek zer-nolako inpaktua izan duten aztertu zuten urrian, Bilbon, Errekaldeko plazan, Euskadi-Kuba elkarteak antolatu zuen Kuba Egunaren laugarren edizioan. Bertan izan ziren Habanako Unibertsitateko irakasle den Hassan Perez, Tere Felipe kazetari eta influencer kubatarra, eta Eloisa Auat, Argentinako Mundu Hobeago bat Posible da fundazioaren ordezkaria. Era berean, Kordoba probintziako Ernesto Che Guevara oftalmologia zentroarekin kolaboratzen du. Izan ere, Kubako medikuntza profesionalekin lankidetzan, dohainik artatzen dituzte baliabiderik gabeko pertsonak, “Milagro Operazioa” proiektuaren baitan.

GENOZIDIO BATEN AURREAN AL GAUDE?

Galdera horrekin eman zioten hasiera mahai inguruari. Hiru hizlariek aho batez baiezkoa erantzun zuten. «Kubatarrok blokeo hiltzaile eta krudel bat pairatzen dugu. Zaila da, benetan, blokeoaren krudeltasuna, azpikeria eta ankerkeria deskribatzeko termino bat aurkitzea. Gurea 112.000 kilometro karratu eta 9,5 milioi biztanle dituen artxipelago txiki bat da. Uharte errebeldea gara, geure subiranotasunari eta etorkizunari buruz ahots propioz erabakitzeko gaitasunari uko egin ez diona, eta uko egingo ez diona. Nazio bakezale bat ere bagara. Kubak ikuspegi humanista batetik eraiki du bere emantzipazio proiektua, Jose Marti independentziako heroi eta kubatar unibertsalenaren legatuan eta Fidel Castroren pentsamenduan oinarrituta», nabarmendu zuen Perezek. “Desbrozando caminos. Fidel y la conquista del tiempo” saiakera aurkeztu berri du Perezek. Fidel Castro gertutik ezagutzeko aukera izan zuen Unibertsitateko Ikasleen Federazioaren (FEU) presidente zela -1999 eta 2003 urteen bitartean-, Iraultzaren komandantearekin bira bat egin zuenean “Ideien Batailaren” testuinguruan. Aurten, ehun urte bete dira jaio zela, eta urteurren horren harira kaleratu du liburua.

Perezen hitzetan, «une honetan, 1962. urtean hasitako blokeoa maila zentzugabeetara iritsi da. Azken hamabi hilabete hauetan, kalteak zortzi mila milioi dolarretik gorakoak izan dira. Gure ekonomiak zortzi mila milioi dolar horien eragin negatiboa jaso izan ez balu, gure barne produktu gordina %10etik gorako adierazle batean hasiko zatekeen. Urtarrilaren 29an, Trumpek Kubaren kontra Erdi Arokoa bezalako setio bat agindu zuen. Nazioarteko harremanek 200 urte atzera egin dute. Maiatzaren 1ean beste agindu bat eman zien presidente estatubatuarrak atzerriko enpresei, tartean Melia, Iberostar eta Barcelo, Kubarekin zituzten negozioak bertan behera uztera behartuz. Kubak harreman harmonikoak izan ditu enpresa horiekin hiru hamarkadaz baino gehiagoz. Guk ez dugu diamanterik, kobaltorik, urrerik, manganesorik... mineral arrarorik, baina giza kapital izugarria dugu, baita kultura politiko eta herritar handia ere. 1959ko urtarrilaren 1ean, biztanleriaren %30 analfabetoa zen. Iraultza 1,3 milioi unibertsitate graduatu prestatzeko gai izan da», esan zuen.

Perezek blokeoak eta, bereziki, azken hilabeteetako blokeo energetikoak eragiten duen krisi humanitarioa salatu zuen. Honako zenbakiak eman zituen: «100.000 pertsona ebakuntza baten zain daude, eta horietatik 12.000 baino gehiago haurrak dira. Soilik ebakuntza larrienak egiten ari dira. Sekula ez dugu horrelako itxaron-zerrenda bat eduki. Ezin ditugu tratamendu onkologikoak betiko eraginkortasunarekin bermatu, %60an daude. Txertaketa programan ere eragina du blokeoak. Eskolak emateko ia ez dugu materialik, ezinbestekoa dena baino ez. Azken hilabeteetako egoerak ez du parekorik. Zaila da imajinatzen etxean denbora luzez, agian asteak, argirik gabe egotea. Etxebizitza batean helduak, haurrak eta adineko pertsonak bizi dira. Nire etxean, 44 orduko itzalaldia izan genuen irailaren 1a baino lehen. Haurren eskolako uniformeak klaseak hasi baino bost egun lehenago lisatu behar izan genituen, baina egoera zail honetan egonik ere, gure umeek uniformea jantzita eman zioten hasiera ikasturteari, kubatarrontzat hain berezia den egunean. Donald Trumpen eta Marco Rubioren zigorrak ez dira Iraultzaren abangoardiaren edo zuzendaritza politikoaren aurka diseinatutako neurriak. Gezur hori modu estrukturalean, sistematikoki eta historikoki, zabaldu dituzten gezurren artean dago», nabarmendu zuen Perezek.

Bere hitzetan, «zientzia-fikziorako Julio Verne bezalako buru distiratsu batek ere ez zituzkeen aurreikusiko horrelako zigorrak. Une honetan, eguzki panelak, elikagaiak eta botikak dituzten 7.000 edukiontzi daude Karibeko portuetan ontzi enpresek, kontratua sinatu ondoren, uko egin diotelako zama deskargatzeari, ez diotelako estatubatuarren presioari aurre egin nahi. 51 enpresek 14.000 euroko isunak jaso dituzte gurekin merkataritza akordioak egiteagatik. BNP Paribas Frantziako banku ospetsuak 8.000 euro baino gehiagoko isuna jaso du. Blokeoa errealitate basati bat da».

Osasun egoerari buruz ere ohartarazi zuen Celina Peredak, Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko kideak. Kuban medikuntzan formakuntza jaso zuen eta Lakuako Gobernuaren Droga mendekotasunen zuzendaria izan zen.

«Haurren heriotza tasa Latinoamerika osoko txikiena zen, Ameriketako Estatu Batuetakoa baino askoz txikiagoa. Blokeoaren ondorioz, 4,1etik 7,1era igo da. Hala ere, Latinoamerikakoa baino txikiagoa da. Bizi itxaropenak ere behera egin du azken urtean. Kubak sendagaiak uhartean ekoizteko gaitasuna du, baina blokeo komertzialak botikak egiteko oinarrizko osagaiak erosteko behar diren dibisak lortzea eragozten du. Pandemian, COVIDaren aurkako bost txerto sortu zituzten mediku kubatarrek, baina horietako bakar batek ere ez du errekonozimendurik, eta ezin dira merkaturatu», salatu zuen.

Peredak mediku kubatarrek munduko eremu eta testuinguru desberdinetan egindako ekarpena goraipatu zuen. «Kubako medikuak Sierra Leonan topatu ditugu ebolaren epidemiari aurre egiten. Pandemian, Italiara joan ziren. Nortzuk egon dira hasiera-hasieratik Tindufeko saharar errefuxiatu kanpalekuetan? Gizateriak eskerrak eman beharko lizkieke mediku kubatarrei», adierazi zuen. Uharteko Osasun Ministerioak egindako eskaerari erantzunez, Munduko Medikuak erakundeak 10 tona kloruro sodiko bidali berri ditu dialisi makinek funtziona dezaten.

Eloisa Auatentzat, Kubako medikuen misioek erakusten dute «krisi garaian eta blokeoaren erabateko areagotze testuinguru batean, Iraultzaren ideiak mantendu eta internazionalismoak indarrean jarraitzen» duela.

«Jende askok dio mediku kubatarrak esklabo bihurtzen dituztela. Errealitatetik oso urrun dago adierazpen hori. “Milagro Operazioa” proiektuari esker, egoera zaurgarrian dauden 50.000 argentinarrei begietako ebakuntza egin diete, eta “Yo sí puedo” alfabetatze programaren baitan, 30.000 pertsona baino gehiago alfabetatu dituzte. Kubako herria isil-isilik hiltzen ari direnean ere, solidarioak izaten jarraitzen dute».

Perezen hitzetan, «Kuban Gazako gauza bera egin nahi dute. Ez dira bonbak erortzen, baina egunero inbadituko gaituzten mehatxuak botatzen dizkigute; filtrazioak eta presio psikologikoa kubatarron egunerokotasunaren parte dira. Ikaratu eta beldurtu nahi gaituzte. Gure arteko batasuna hautsi nahi dute, Kuba berriro ere kolonia bat izatea bilatzen dute. Hartutako azken neurriak ankerrak eta hiltzaileak dira. Genozidio baten aurrean gaude eta haiek badakite. Eta kubatarrok argi dugu ez garela sekula itzuliko erregeordeen garaira», esan zuen Perezek.

«INFLUENCER»-A ETA KUBATARRA IZATEA

Tere Felipek, Habanako Unibertsitatean Artearen Historian lizentziadunak, irratian eta telebistan lan egin du. Madrilen bizi da, eta, horregatik eta sareetan Iraultzaren alde egiteagatik, kritika oso gogorrak jaso ditu Iraultzaren aurkarien aldetik. «Atzerritik Iraultza defendatzea oso erraza» dela leporatzen diote. Horri buruz galdetuta, «kubatarra eta influencer politikoa izatea erronka bat» dela adierazi zuen.

«Urte askotako desinformazioari, gezurrei eta egia erdiei aurre egin behar diegu. Kuba diktadura bat dela, Castro anaiak hiltzaile batzuk direla... esaten dute. Zenbait sektore ezkertiarretan ere entzun behar izan dut blokeoa gaizki dagoela, baina Kuba diktadura bat dela. Baliabide ekonomikoak eta aurrekontu handiak dituzten hedabideei aurre egin behar diegu. Guk ez dugu horrelakorik, algoritmoak ere gure aurka ditugu. Batzuetan, sare sozialetako kontuak kentzen dizkigute. Nik lan egiteko dudan bakarra telefono mugikor bat da. Zer da guk duguna eta haiek ez dutena? Egia eta aberria defendatzeko uste osoa. Badakit zer defendatzen dudan, eta horretan sinisten dudalako egiten dut. Diktaduraren bozeramaile deitzen didate nire herriaren subiranotasuna defendatzeagatik soilik», azaldu zuen hitza hartu zuenean.

«Sareetan egon behar dugu, egiarekin borroka egin. Kuban Facebook asko erabiltzen da, baina gazteek ia ez. Tiktok, Instagram eta X moduko sareetara jo behar dugu. Bitarteko horiek erabili behar ditugu egiazko edukiekin gazteak erakartzeko, eta ados ez daudenek ere behintzat Iraultzaren argudioak entzun ditzaten. Hori da influencer gisa dugun desafioa».

Argazkiak: Txema Esteban, Euskadi-Cuba.

Información sobre las dos ediciones anteriores

"Biden, Unblock Cuba!" se escuchó en Bilbao en el III "Kuba Eguna": concentración, kalejira, conciertos, charlas, exposiciones y un barco solidario (+80 Fotos)

Éxito de participación en su segunda edición consolidó `Kuba Eguna´ como espacio de la solidaridad vasca y la emigración cubana (+ 100 fotos)

Primera edición del Kuba Eguna reunió a miles de personas en Bilbao en tributo a Fidel (+ Fotos)

Comparte este artículo

 

TWIITER

Facebook